XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero, zakurra heldu zen, adar bat ahoan zeramalarik, eta esan zion: - Dromedari, Dromedari zintzo, tira zatoz, eta eraman itzazu esaten dizutena beste guztiak bezala.

- Konkorra! erantzun zuen Dromedariak.

Eta zakurra Gizonari kontatzera joan zen.

Geroxeago, lepoan buztarria zeramala Idia hurreratu zitzaion eta esan zion: - Dromedari, Dromedari zintzo, tira zatoz eta lurra landu ezazu gu guztiok bezala.

- Konkorra! - esan zuen Dromedariak.

Eta Idia Gizonari kontatzera joan zen.

Iluntzean, Gizonak Zaldia, Zakurra eta Idia beregana deitu eta hau esan zien: - Hirurok zarete on eta langileak eta pena hartzen dut mundu berri honek ematen duen beste lanekin hain lanpetuta ikustean.

Baina bakarrik Konkorra esaten dakien basamortuko aberetzar harek ezin du lanik egin; alderantziz balitz, honez gero hemen legoke bere burua eskaintzen.

Bakean utziko dut eta zuek lan bikoitza egingo duzue bere partea hornitzeko.

Hirurak oso haserre zeuden, zeren mundu berri hark lan neketsua ematen zuen, eta bilera edo asanblada bat antolatu zuten Basamortuaren mugalde berean.

Sasiak mastekatuz, Dromedaria hurreratu zitzaien, inoiz baino alferrago, eta aurpegira farre eginez begiratu zien.

Gero, Konkorra esan zuen eta lasai lasai aldegin zuen.

Baina hara nora, Basamortu guztiak bere kargu zituen Jeinua aurkeztu zitzaiela hondarrezko hodei baten gainean hegan.